Gure etxea alkarteak 263 bazkide daukaz eta, agiri ofizialen arabera, 1984. urtean sortu zan, behar asko eta asko egin ostean; horri esker eta urte honeetan euki dauzan zuzendaritzei esker, gaur egun be zutik dago. Alkartea ordezkatzeko Zuzendaritza Batza dago, honako kide honeek osatuta: idazkaria, diruzaina, presidentea, presidenteordea eta mahaikide bi.
Gizarte eta kultur jarduerak garatzeko egoitza 2003ko urriaren 4an inaugurau zan eraikin barrian dago, Lehendakari Aguirre kaleko 4. zenbakian, hain zuzen be. Aitatutako eraikinak solairu bi dauzka: beheko solairuan tabernea, bulego ezkaratza eta despentsea dagoz. Lehenengo solairuak erabilera askotarako 127 m2ko aretoa dauka, hiru gunetan banandu daitekeana, berton garatu gura diran jardueren beharrizan teknikoen arabera: berbaldiak, TB, jokoak, jantza, etab. Alkarte honek kultur bidaiak, berbaldiak, urteroko 'Nagusien azokea' eta egun garrantzitsuetako ospakizunak antolatzen dauz, berbarako, udabarriko hamaiketakoa, San Inazio, San Joakin eta Santa Ana (aitaita-amamen eguna) eta, oro har, bazkideek zein udalerriko beste erakunde laguntzaile batzuek sustatutako bestelako jarduerak.